XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pagaduira heldu zirenean, jentilak, hartu pagoak denodu guztiaz eta, porrua lez, banan-banan ateraten zituen sustar-sustarretik, eperdi eperditik.

Perutxuk hori ikusikeran, zer?, eta hauxe egin zuen: Puntarik punta, pagoak lotuten hasi zen jentilaren harridurarako:

- Zertan habil, mutil katamixarra lez arbolarik arbola? esan zion jentilak ikaraturik.

- Zertan ibiliko nauk ba, hire antzean banan-banan barik, denak batera aterateko pagoak estukinez amarretan!

- Ez, mutil!

Ez iezadak egin holangorik!

Pago guztiak ateraz gero, zer ezkur edo zer arraio jango diaguk ba txerriekin aurten?

Txerriak guztiak gosez hiltea gura duk ala?

Bajatu hadi agudo eta hator txabolara, heuk irabazi didak, hilangorik ez diat sekula ikusi!

Batek zer ikusi behar duen baino ez duk hemen mundu honetan!

Holangorik!

Aurrerantzean bakean utzi zion jentilak Perutxuri eta bere begien aurrean ikusteak lotzaria emoten zionez badinotso jentilak:

- Joan hadi mendira txerriekin eta ez etorri zati handi baten.

Hartu jaki eta edaki apur bat eta ospa hemendik, honako neu nauk nahiko eta!

Perutxu nasai bizi zen mendian eta jentilenetik hartutako jaki-edakiak akabatu orduan, noizean behin txerri bat hil eta jateari emon zion.

Egunak joan egunak etorri, jentila, luze eritzita zegoen eta joan egin zen mendira Perutxuren berri jakiten.

Mendian gora zihoala, Perutxu txerri bat hilten ikusi zuen eta gora-goraka gedar egin zion esanez:

- Hi, zer darabilk nire txerriekin?

Nork esanda hil duk nire neure txerririk onena, aurten zezin orde jatekoa?

- Ez hadi hona arrimatu e! erantzun zion Perutxuk osterantzean txikitu egingo haut aldi bateko harria lez eta gero gerokoak!

Jentila ikaratu egin zitzaion eta oraingoagatik txabolara bueltatu zen.

Haserre zegoen egon be eta arteak hartu ezinda, burduntzi bat zorroztuten hasi zen, mendira joan eta Perutxuri behar ez denaren bat egiteko.

Perutxuk, bien bitartean, txerri-odola eta gainetikoak prest-prest zeuzkan odoloste eta buzkantzak egiteko.

Odola, aurreko txerriaren puxiga putzituan zeukan gordeta, izan be ez zuelako beste ontzirik horretarako.

Egunaren joanean, mendiko ixiltasunean, zarata batzuk barruntatu zituen Perutxuk.

Sorots egiten du eta ene!, ez du ikusten ba jentila ikaragarrizko burduntzi batekin mendia gora!